Irisarri ezagut ezazu
Haren historia eta ondarea
Herriaren aurkezpena
Irisarri Ipar Euskal Herriko Baxenabarreko herria da. Gure herriak 900 biztanle baino gehiago ditu, Baigura mendiaren oinetan kokatua da, Baionatik eta euskal itsasbazterrik 40 kilometrora.
Gure bazter pausagarriak ezagut itzazu, gure ohiko arkitektura, gure plaza, pilota plazaren eta Ospitalea enkomiendaren artean antolatua.
Irisarri posta-karta baino gehiago da, bizi ingurune osoa eskaintzen du... ez da deus falta!
- Zerbitzu publikoak: posta bulegoa, Herriko Etxea, jendarmeria.
- Salmenta zuzena etxaldeetan (hegaztikia, Ossau Iraty sor-markako gasna, etab.).
- Baratzekiak eta AMAP saskien banaketa aste guziez.
- Janari saltokiak.
- Ofizialeak.
- Osasun-gunea alorreko profesional mota desberdinekin, farmazia.
Irisarriren historia
Irisarri, Ospitalea enkomienda eta haren otoitz-lekua XII. mendekoak dira, 1150 ingurukoak.
Jerusalemgo San Joan Ospitaleko Zaldunen Ordenak zuen sortu “Ospitalea”, baina 1530 inguruan, Maltako enkomienda bilakatu zen.
1350ean Irisarrin 23 etxe bazen. Bi etxe salbu, beste guziak enkomiendarenak ziren eta haren menpe ziren, eta bertako jauna zen administratzailea eta subiranoa.
1607an, Irisarriko komandanteak, Martin Larreak, Ospitalearen berreraikitzea abiatu zuen, eta Nafarroako orduko eraikin ederrena zen.
Ondotik, otoitz-lekua eraiki zuen eta oraingo San Joan Bataiatzailearen eliza bilakatu zen; elizaren parte bat hilarriz lauzatua da. Eliza errotik bestelakotu zen 1860an.
2002an, Pirinio Atlantikoetako departamenduak "Ospitalea" enkomienda erosi zuen eta Ondare Hezkuntzarako Zentroa ireki zuen bertan, eskolako talde franko errezibitzeko, besteak beste.
Goazen denboran gibelera posta-karta zahar hauei so eginez!
IRISARRI izenaren jatorria
Unibertsitateko irakasle den Jean-Baptiste Orpustan jaunak segurtatu bezala, Irisarrik "sasian den hiria" erran nahi luke. Beste bertsio baten arabera, "irasagarren hiria" ere izan liteke.
Irisarriren leku-izena honela agertu izan da: Irixuriko ospitalea eta otoitz-lekua (Hospital et oratorium de Irixuri, 1186, Baionako kartularioa); Irissarri (1352, Duchesne bilduma), Ospital de Sent Johan de Irisarri (1518, Baionako kapitulua) eta Yrisarri (1621, Biscay). (Iturria: Wikipedia)
Toponimia
Irisarriko etxe guzien izenak mapa honetan atzemanen dituzu!
Zenbait urte lan behar izan dira kadastra-mapen (napoleondarrak barne), lekuan egin inkesten eta irisartarren parte hartzearen bidez etxe, leku eta erreken izenen mapa egiteko.
Mapa erabiltzeko:
- Ondoko maparen gainean klik egizu interfaze dinamikora sartzeko.
- Saguaren gurpilaren bidez zoom egizu (edo klik bikoitza eginez tabletarekin edo smartphonearekin) sakondu nahi duzun lekuaren gainean.
Nola ez eskertu Oteiko Maitexa, Lukindegiko Paxkal, Landarteneko Marie-Jeanne eta beste ainitz, ekarri duten laguntza baliosarentzat.
Milesker J-B Orpustan-i, unibertsitateko erakaslea, hizkuntzaren koherentzia segurtatu baitu.
Lan taldea: Aña Costa, Jean-Michel Gastellu, Jean-Michel Lahirigoyen
Lan horri buruzko argibide berririk baldin bazenu, erraguzu eta eguneratuko dugu eta lana zorroztuko!
Egizu egonaldi bat Irisarrin!
Itsasbazterreko zirkuitu turistikoetatik eta jendeketatik urrun, gure herrian lasaitasuna kausituko duzu; gainera ezin hobeki kokatua da Ipar Euskal Herri osoan gaindi ibiltzeko. Irisarrin ondare natural eta kultural aberatsa atzemanen dituzu, ez huts egin!
Herriko plaza: lekuko bizitza bertan iragaten da
Ospitalea enkomienda
Natura eta ibilaldiak
Irisarrin lo egin
Ezagutu Irisarri irudien bidez